Mutil dantza

Mutil dantza

Neskek mutil dantzan part hartu nahi zutenaren kari eztabaidak sortu dira Baztango besta herrikoietan. Azken hogoi ta hamar urteetan arrakeria edo matxismoa ahultzen ari gara badakigu, batzuek begi txarrez ikusten duten arren. Goi mailako eskoletan eta karguetan emazteek partaidetza gero eta handiago dute. Gizonentzat bakarrik omen ziren ofizio zenbaitetan emakumeek dihardute. Sexu bietakoek lanean aukera berdina ukan dezaten gauza zuzena dela iruditzen zaio jende zentzudunari. Lanaren arazoetaz gainera, eguneroko bizitzan eta ekintza kulturaletan gorabeherak baditu sexuen banaketak. Gaur egun handiena duguna, Erromako Eliza Katolikoan datza: mezarik eman dezaketen emazteak ez dira oraindik sortu eta ez dirudi aurki horren onhartzeko gai dela Batikanoko agintaria.

 

 

Euskal Herriko bizitza kulturalari dagokionez, aurrerapen nabarmenak egin dira: Zuberoako maskaradetan, eta pastolaretan emakumeak aritzea; zazpi probintzietako bertsu aldietan emakumeak lehiatzea; emakume arraunlari, futbolista eta harrijasotzaileak ikustea.

 

 

Oztopo bakarra, orain arte behintzat, Bidasoaren aldeko alardeak dira. Duela aspaldi idatzi nuen bezala, gaur armada gero eta gehiagotan emakumeak ikusten direla, eta iragan aldietan emazte borrokalariak izan zirela kontutan harturik, guztiz zilegi iduritzen zait bi mendeko gatazka baten orhoitzapenean, emakumeek mende berri honetan parte har dezaten.

 

 

Mutil dantza dela eta, ez da arazoa hain sinplea. Naski parte hartu nahi zuten nesken kontrako txistuak eta irainak deitoragarriak dira. Bainan dantza horren izenak adiarazten digunez, mutilek jatorriz parte hartzen dute, eta mutikoentzat bakarrik egindako dantza batean bi sexuetakoen nahastea ez ote litzateke dantzaren mamia aldatzea?

 

 

Pastoraletan eta antzerkietan aldiz, bizi arruntaren gertaerak aurkezten ditugun ber, eta ekintza horietan bi generoetakoek parte hartzen duten ber, zilegia da oholtzan gizonak eta emakumeak ari daitezen, bestela errealitatearen islada ez genezake.

 

 

Duela berrogoi ta hamar urte Edmond Rostand” ek idatzitako “L’Aiglon » antzerkia emana zuten Pariseko antzoki batean, Napoleonen hogoi urteko semearen errola hiruhogoi ta hamar urteko aktoresa batek egin zuelarik. Aktoresa horren lana bikaina zela onhartu behar da, antzerkia bukatu zeneko hartu zituzten txaloak lekuko. Bainan errealitateari hobekiago jarraitzeko gutxi behera adin berdintsuko aktore bat berexi izana egokiago izanen zela uste dut.

 

 

Mutil dantzarenak polemika berri bat ez luke bihurtu behar; arazo honetan arrakeriaren mamua alde batean utzi beharko genuke eta errealitateari eutsi. Generoen arteko berdintasuna eta justizia beste arlo askotan jorratu beharko genituzke: lan irabazien berdintasunean, eta pensioen banaketan bereziki.

Partekatu artikulu hau

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude