«Blokeoa» hausteko gakoa herritarren mobilizazioa dela berretsi dute Baionan

Euroagindurik ez onartzeko eskatu diote Frantziari, deklarazioak torturapean egin direlako gehienetan

 

Aitor Renteria Baiona

 

Ehunka lagun elkarretaratu ziren atzo Baionako karriketan euskal iheslari politikoen atxiloketak salatu eta azpimarratzeko talde eta norbanako bakoitzaren mobilizazioan dagoela estatuen blokeoa hausteko gakoa. Bake Bidean mugimenduak antolatutako manifestazioaren buruan zeuden, bertzeak bertze, Jokin Aranalde, Beñat Atorrasagasti eta Aitor Zubillaga, Euskal Iheslarien Kolektiboak ekainaren 15ean egindako Herria dugu arnas ekitaldiaren ondoren Frantziako Poliziak atxilotu zituen iheslariak.

 

Manifestazioa berandu abiatu zen, bero itogarria gaindituz. Han izan ziren Bakartxo Ruiz (Bildu), Peio Etxeberri Aintzart (AB), Xabi Larralde eta Jean François Lefort Lof (Sortu), Alice Leizeagezahar (Berdeak), Philippe Duluc (EA), Tasio Erkizia (ezker abertzalea), Geronimo Prieto (LAB) eta Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezordea. Euskaldunen plazatik abiatu zen manifestazioa. Suprefeturako sarrera burdin hesiz itxi zuen Poliziak. Herriko etxearen aitzinetik pasa ondoren, Baiona zaharrera sartu zen manifestazioa, eta Xaho kaian bukatu zen. Bertan hartu zuten hitza Anaiz Funosas Bake Bideko kideak eta Christophe Desprez Ipar Euskal Herriko Giza Eskubideen Ligako presidenteak.

 

Aieteko bide orria

Gatazka osotasunean hartu eta aterabide orokorra atzemateko, jatorri politikotik ondorioetaraino, bake prozesua giza eskubideetan oinarritu behar dela nabarmendu zuten Funosasek euskaraz eta Desprezek frantsesez. Horrez gain, Aieteko Adierazpenarekin eta ETAk armak behin betiko utzirik aldaketarako aukera historikoak ireki direla nabarmendu zuten.

 

Iheslari politikoen atxiloketekin Frantziak Miarritzeko proposamenari era ezkorrean erantzun diola erran zuten. Atorrasagasti, Zubillaga eta Aranalderen aurkako euroaginduak horren adibide garbia direla gogoratu zuten. «Estatuen blokeo egoera hori salatzen dugu, eta bereziki Frantziari eskatzen diogu ez dadin gehiago Espainiaren ildo berean lerroka».
EIPK-k adierazi zuen Miarritzen gatazkaren konponbiderako eragile aktiboa izan nahi zuela, prest zegoela urratsak egiteko. Horregatik eskatu diote Frantziari bertan behera utz ditzala «salbuespen neurri bereziak» eta euroaginduak. Gogoratu diote euroagindu eskari gehienak polizia etxeetan lortu diren deklarazioetan oinarritzen direla, eta haietako gehienak, torturaren ondorioz.

 

«Errepresio itsuaren» orria itzuli eta trantsizio politikoari tokia egiteko eskatu zieten bi estatuei Funosasek eta Desprezek. Justiziaren tresnak gatazkaren konponbideari begira jartzeko eskatu zioten Paueko Dei Gorteari. Aieteko bide orriak aukera hori irekitzen duela gogoratu zuten, eta gaineratu gizartearen gehiengo zabalaren iritzia aldaketa behar horren lekukoa dela. Testuinguru horretan, euroagindurik ez onartzeko eskatu zieten epaileei.

 

«Bake prozesua martxan ezartzen duen jendarte aktibo, arduratsu eta mobilizatu batean datza gaur egun desblokeoaren gakoa». Gizartea, oro har, eta bereziki norbanako guztiak mobilizatzera deitu zituzten.

 

Funosas eta Desprezen iritziz, azken hilabeteotan eztabaidarako, gogoetarako eta ororen gainetik bake prozesuaren aldeko bidea bultzatzeko prest da Euskal Herriko gizarte zabala. Horren adibide izan dira, haien ustez, Baionako Bake Foroan zein Iruñeko eta Bilboko foro sozialetan egin diren urratsak, non engaiamendu berriei ateak ireki zaizkien. Horren lekuko dira Baionako adierazpena eta bakea bultzatzeko zerrendatu diren hamabi gomendioak.

Partekatu artikulu hau

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude