Miñabaita

Miñabaita

Euskaldunek, karrika edo ostatu xoko batean norbait gurutzazen dugularik, galde egiten diogu nor zira ? Edo, hobeki erran, nongoa zira ? Zein etxetakoa den ! Herri honetan jakinez nongoa ziren, jakiten dugu nor ziren.

 

Miñabaita etxealdea Urruñan kokatua da, Ibardin beherekaldean ; auzoko ditu Arrikorda, Kapela eta Jolimonberri. Miñabaita etxalde ttikitxo bat da, hiru, lau soro ta pentzez inguratua. Duela kasik mende bat orain, bi gerla handien artean, hor hartu zuten kabia ezkondu berri ziren Maijane eta Koxe Cruz-ek. Etxalde ttiki horretan sortuko ta haziko dira sei anai-arreba. Ez dira iñoiz dirudunak izan, bainan Miñabaitan beti ukan dute bazkari, etxalde hortako aberastasun handiena maitasuna izan baita beti. Koxe-k dozena bat behi eta artalde bat, Maijane-k aldiz baratze lanak ta merkatu bidaia astero, haurrak laguntzaile.

 

Etxeko bost semeak eta alaba handitu dira ta bakotxak bere bizia egin du, bi mutil zahar gelditu dira Miñabaitan. Nere aita zena Miñabaitako semea zen ere. 1960. urte hastapenetan banaka sortu ginen, ta gu ere lehengusu guziak hor handitu gira. Miñabaitan ikasi dugu zer den familia, zeren etxe horretan bazegoen familia eta gero mundua. Hor ikasi dugu ere gure euskaltasuna, garaia haietan eskolan erraiten ziguten euskaraz ez hitz egitea, zigortuak ginen ere, ta aldiz han zegoen gure aitatxi Koxe gogorarazteko etxe horretan hizkuntza bat zegoela : euskara ! Errateko bakarrik, aitatxi bere 93 urteetan pausatu zen eta ez dago Urruña osoan bakar bat ere erraiteko frantsesez edo espainolez aldi bat ere entzun duela. Beste hizkuntza jakinik ere ez du iñoiz hitz bat ere egin kanpoko hizkuntza horietan. Laborantxa mundu horretan hazi gira, giro basbestu horretan ikasi dugu nongoak ginen.

 

Erraiten da etxalde bakotxak baduela bere historio ta sekretu, Miñabaitak ere bereak baditu, egia erran liburu bat ez litaike aski izanen dena kondatzeko. Euskal Herriaren historioaren kapitulu batean aipatzen bada hego aldetik ihes egin zuten gudariak, ez da ahantzi beharko Miñabaita, Antton etxeko semea mugalari izan baita. Zenbat hego aldeko ETAko neska -mutilek ikara, hotza ta akidura pasa ondoren aurkitu dute Miñabaitan atea idekitzen duenaren maitasuna, zenbat eta zenbatek hor aurkitu berritz lehen berotasuna. Batzuk gau bat edo egun bat, beste batzuk asteak ta hilabeteak dituzte pasa etxalde ttiki horretan. Horien arteko batzuk borrokan hil dira geroztik edo indar zanpatzaileen beso armatuek bataillon vasco-español edo Gal bezalakoek erahilak, beste batzuk preso edo munduan zehar oraindik deportatuak dira, beste batzuk Iparralde honetan bizi dira. Lerro hauek irakurtzen badituzte horien arteko batzuek, gogoratuko dira nola maitatuak izan diren Miñabaitan.

 

Urteak irangan dira,mende bat ere kasik, Maijane eta Koxe Cruz joan dira, horiekin ere seme alabak, bi haurkide gelditzen baitira, biak xahartuak ere. Miñabaita hustu da segidarik gabe. Maijane eta Koxe Cruz-ez baiziren jabe soilik etxatiar. Azken etxeko mutil zaharrak ere ez dauka segidarik, etorriko diren urteetan joango zaigu Miñabaita, zer izango ote da ? Zer egingo ote dute ?

 

Ximikoa daukat bihotzean iragana gogoraratzean, noski geldituko zaizkigu oroitzapenak. Miñabaitatik pasa direneri bezala ! Gure eskutik joango zaigu baina geldituko gira beti Miñabaitakoak.

Partekatu artikulu hau

Lotutako berriak

Irakurri

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude