Sinetsi

Sinetsi

Behar ote da? Valls mugituko al da? Bai, egun batez. Zer falta da mugiarazteko? Denbora; bat, bi… hamar… berrogei eta hamar… Zenbat? Anitz.

 

Lekuko hautetsien artean lortu kohesioa ikusiz, hainbat urtetako jarrera motz eta iduri ezin gaindituaren ondotik, ez da arrazoirik dudatzeko. Valls eta gibelean gordetzen diren aginte politikoek ere buelta bat emanen dute, dantzan hasiko dira, musikaren erritmoan sartzeko edo taula gain bazterrean geldituko. Gaurko borrokek, inbertsioek balio dute, XXI. mendea bukatu aitzin, emaitza etorriko da. Sinets dezagun.

 

Laborategi dedikatuetan konturatu dira jende sinestunek serotonina gehiago produzitzen zutela. Gorputzak sortu substantziak balio handia du. Bere bidez baitugu bizia ederrago ikusten, zoriona sentitzen. Nahiz traketsa izan, nahiz zango bat falta edo auzo kakastingarri bat jasan behar, serotonina den ber bizi pozak gainditzen du.

 

Oraindik zehazteko da serotonina dosi azkarrak sortzen duen sinesmena edo alderantziz. Laster jakin behar genuke. Oraingoz, azken analisien arabera, jende fededun eta ez fededunen artean, desberdintasun nabarmena da. Erlijio arloko analisiaren bidez jakina, sinesmen politikoan aplikatu daiteke.

 

Beraz, berriz Valls eta konpainiara itzuliz, larunbateko azken manifestazioaren arabera, erran daiteke serotonina anitz bazela Baionan, ekainaren lehen egunean. Nahiz gobernatzen gaituenen bezperako adierazpenak motz eta hetsiak izan, fedea ez da epeltzen, ez desagertzen. Indartzen bai! Hizkuntza gutxituen lege aldaketa entsegu antzuei esker ere agian. Krisia eta ahal ekonomiko faltak estakuru onak dira, tente gelditzeko, urrats bakar bat ez egiteko.

 

Karrikako oihartzunari eman erantzun politiko motza ikusita bailiteke desesperatzeko. Agian frantses gobernuarentzat, euskal gatazka borroka egokia da, erraza, duten ahuleziaren irudia doi bat mozteko. Denentzako ezkontzarekin baino errazago, oraindik. Horrela ahanzten da zein eragin gutxi duten —nahikaria ez dugu dudan emanen— arlo nagusi zabaletan. Hala nola langabezia eta estatuaren egoera ekonomikoan. Parisen ere serotonina produkzioa ez da itxuraz apaltzen, analisi arrazionalen arabera anitz arrazoi izanik ere.

Partekatu artikulu hau

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude