Afog elkartea,30 urte laborariak formatzen autonomoak izan daitezen

Afog formakuntza elkarteak biltzar nagusia eginen du bihar, eta 30. urteurrena ospatu

 

Afog elkarteko langile eta kideak, biharko biltzar nagusia iragartzeko egin zuten agerraldian. GAIZKA IROZ

Afog elkarteko langile eta kideak, biharko biltzar nagusia iragartzeko egin zuten agerraldian. GAIZKA IROZ

Joanes Etxebarria Baiona

 

Larunbatean, Lekornen, Afog elkarteko kideek 30 urteko ibilbideari behako bat eman eta geroa landuko dute. Laborariek sortu zuten formakuntza elkarte horrek berezitasunak baditu, ez baita formakuntza tekniko edo bereizira mugatzen. Talde lanean, bakoitzak bere nahiaren eta beharren araberako xedeak gauzatzea da ideia. Elkarteak bi lan erritmo baditu; urte osokoa eta puntuala, gai zehatzen ingurukoa.

 

Urrian, ikasturte honetako sartzeko bilkura egin zutelarik, jendeen arrangurak zertan ziren ikusteko, ehun bat hitzen artetik laborariei haien egoera hobekien islatzen zuen hitza hautatzea galdetu zitzaien. «Harrigarria izan zen talde anitzetan nola agertu zen bakartzea. Eztabaida horiek ez dira izaten ahal nehon ere. Tokia zen horretaz mintzatzeko, nola sendi duten haien bakartzea », dio, adibide gisa, Mattin Irigoienek, 1992az geroztik elkarteko langile denak.

 

Formakuntzetan segitzen duten filosofiaz ere bi hitz gehitu ditu Irigoienek: «Arazo bat erantzun bat aritzeko partez, beste bide bat da. Arazoak badira, zeri buruz nahi duzu joan, eta hortik zer proiektu sortzen ahal den gero. Hartzen dudan bide horren ondorioak ene gain hartzen ote ditut?». Sei eta zortzi pertsona arteko taldeetan, urte osoan eramaten dituzte gisa horretako gogoetak.

 

Eta hori posible izan dadin, egiturak irekia izan behar du: «Segurtatzen dugu gune bat non baduzun halako babes bat; ez zara epaitua izanen, eta baduzu baimena erratekoa duzuna errateko edo ez». Irigoienen erranetan, pertsona da gai zentrala: «Ekonomia liberalean iduri luke biziaren zentzua dela diru gehiago irabaztea beti eta gehiago. Baina hori ez da idatzia; jendeak beste helburu batzuk izaten ahal ditu, eta baditu ».

 

Autonomia etxaldearentzat

Formakuntzen helburua ez da, haatik, bide bat xerkatzea bakarrik. Duela 30 urte, «elkartea sortu zen, laborariak delegatzeaz aseak baitziren», Irigoienen arabera. Sos kontuak, Europako diru laguntzen eskaerak… etxaldeko administratzaileak laborariak izan daitezen, behar duten jakintza ematen die, beraz, elkarteak.

 

Taldean, bakoitzak bere arazoen berri emanez, elkar lagunduz, helburu argi bat badela argi du Irigoienek: «Oinarrian, ideia da gauzak eskuetan hartzea, ekonomia menperatzen ahal dela, azken deliberoa laborariak duela».

 

Paperez eta administrazio kontuez harago, urte osoan biltzen diren taldeetan gogoetak sustatzen dira formatzailearen ustez: «Lan horiek eramaten direlarik, denbora berean ari zara mintzatzen etxaldea eramateko dituzun arrangurez eta hau eta hura. Halako bilkurak nonbait distantzia hartzeko dira, egiten denarekiko, ikusteko zertara goazen».

 

Elkarteak dituen 630 kideak, zerbait gorabehera, bilkura horietan ibiltzen dira. Garaien arabera segitzen dituzte bilkura gehiago edo gutxiago, baina prozesu horretan parte hartzen dute. Bilkura guztiak segitu eta animatzeko, zortzi langile badituzte.

 

Urteko lan jarraikiaz gain, gai zehatzak lantzeko parada ere eskaintzen du Afogek. Behin bakoitzak bere xedea finkatua duela, helburuak kausitzeko beharrezkoa den formakuntza tekniko edo bereizia bideratzen dute laborariek. Gehienetan, beste elkarte edo egituren bidez: BLErekin laborantza biologikoaz eta agronomia tekniketaz, Laborantza Ganberarekin ere agronomiaz, etxe ekoizpenetaz, Idoki sarearekin transformazio eta salmentaz…

 

Ibilbide luze bat ospatzeko

«Gauzak aldatu dira 30 urtez». Nornahik erran zezakeen erranaldia, baina Irigoien, laborantza munduari buruz ari delarik, aldaketa handiaz ari da: «Lehenago ekonomiak bazuen pisu handiagoa etxaldeak eramateko moldean, diru laguntza gutxiago bazen. Deliberoak ekonomiari lotuak ziren, irabazten zen edo galtzen zen. Orain konplikatuagoa da; iduri luke ekonomikoki bakarrik ezin dela tratatu gauza».

 

Laborantza munduko zeinahi eragilek bezala, Afog elkarteak ere, bere ibilbidean, aldaketak ikusi ditu. Hautuak egin ere. Larunbateko biltzar nagusi berezian, ibilbidean egin hautuez gogoetatzeko denbora hartuko dute. Baina, ondotik, gaur eguneko desafioak aipatu eta elkartearen betebeharrez mintzatuko dira.

 

Larunbatean, biltzar nagusia 10:30ean hasiko da, Lekornen, ohiko bildumak eta orientazioak finkatuz, 30 urteetako ibilbideari lotu aitzin. Baina, urteurrena ere ospatu behar denez, ondotik zikiro jate musikatua izanen da.

 

 

Lekuko bioaniztasuna zaintzeko sortu da Amalur

 

J. Etxebarria Baiona

 

Lekuko bioaniztasuna lan militanteari esker mantendu da kasu anitzetan. Hala dio Amalur taldearen aurkezpenak, zeina Arrapitz taldearen barnean sortu berri den. Lekuko bioaniztasuna islatzen duten abere hazleak eta jaki desberdinen ekoizleak biltzen ditu Amalurrek: Itsasuko gerezia Xapata elkartean, sagardoa eta sagar zukua Sagartzean, Biper Eztia elkartean piperra eta manex buru beltzen hazleak bi elkartetan. 150 bat ekoizle biltzen ditu taldeak, eta lekuko biodibertsitatearen ordezkari horiek — eta gehiago— babestea du helburu.

 

Hainbat ekoizle eta hazle elkartu dituen lau puntu aipatuak dira Amalurren sortze agirian: «Lekuko kabalekin eta barietateekin lan egitea, gure ondasun naturala babestea eta ondasun gastronomikoa transmititu nahi izatea, kalitatea bilatzea eta elkarlanean ari izateko gogoa, promozio koherente eta eraginkorra abian ezartzeko ».

 

Bioaniztasuna babesteko

Orain arte kabala arraza batzuk iritsi badira usu militantziari esker iritsi direla diote Amalurreko kideek. Eta kasu anitzetan, arriskuan segitzen dute elkartearen arabera. «Euskal xerria, duen famarekin ere, ez da iristen odolkidetasun arriskurik gabeko erreprodukzioa segurtatzera», Amalurren arabera. Ardietan, manex buru beltzen kasua ere aipatu dute, eta oroitarazi 30 urtez kantitate erdia galdu dela. Elkarteak atera duen ondorioa da mozkin batzuen ospeaz harago «sentsibilizazioa eta promozioa egitea beharrezko » dela.

 

Slow Food kolektiboarekin

Amalur ez da bakarrik abiatu bere bidean. Mozkin «onak, garbiak eta justuak» aldarrikatzen ditu Slow Food mugimenduak, eta harekin bat egiten dute Ipar Euskal Herriko ekoizleek. Kolektiboak zerrendatuak ditu arriskuan diren arraza eta barietateak, eta horietan sartu ditu Euskal Herrikoak ere.

 

Amalurren partaideek Slow Food mugimenduarekin duten partaidetza harago eramanen dute laster, zazpi arraza eta barietate zentinela bilakatuz, haien babeserako lana indartzeko gisan. Horrez gainera, Slow Foodek mundu mailako oihartzuna izanik, sarea baliatzeko parada ukanen dute lekuko ekoizleek.

Partekatu artikulu hau

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude