Hazia

Hazia

1970. hamarkada ginuen, Euskal Herriko iparralde xoko ttiki honetan euskara eta euskal kultura, hilzorian zauden. Eskoletan eta plazetan euskaraz hitz egitea begi okerrez ikusia zaukaten. Etxeetako telebistan MaritieetaGilbertCarpentier-k gainea hartua zioten bertsolaritzari. Euskal Irratiak gure buruetako ametsen uhinetan zauden bakarrik. Maite Barnetchen lanari esker Radio Côte basque irratian eta ondoren telebistan bost minutu euskaraz astean behin. Horra nola zegoen gure iparraldea garai haietan.

 

Alta, hego haize batek gazteria berotzen hasi zuen, han hemenka kultul ekarteak sortzen hasi ziren, euri on baten ondotik iduzki epel batek onddoak lurretik sortzen dituen gisa. Hendaian Akelarre, Miarritzen Arroka, Ohaina Hiriburun, Ziburun Sagaio, Xiberoan Sü Azia eta Ühaitza, eta Baigorrin Basaizea, eta hola herriz herri. Euskaldun senditzen ginen eta harro ginen, ez ginuen gehiago gure burasoek ukan zuten ahalkea. Asteburu guzietan hor ginituen kantaldiak, ez ziren oraindik konzertuen garaiak, geroxago etorriko dira. Gure ziren, Guk taldea, Peio eta Pantxoa, Etxamendi eta Larralde, Xabier Lete, Antton Valverde, Mikel Laboa, baita Niko Etxart gazte gaztea ere, Errobi, Itoiz eta Urko bezalako taldeak. Euskaltasun haizearen ufakoa bazetorren, Euskal nortasun su pindarra pizten ari zen gure baitan. Nehork eta ezerk ez zigun gehiago erranen nor eta zer ginen, gure aberria, gure sustraiak berriz aurkitu ginituen, euskaldunak ginen.

 

Urruñan ere gure zazpi sorginek aitzurra hartu eta ildoa idekitzen hasi ziren HAZIA ereinduz. Aspaldetik Urruñako plazatik desagertuak ziren bertso egunak, euskara eta dantza kurtsoak abian ezarri ginituen. Gure ingurumenarekin ere bat eginez, mendi ateraldiak antolatu ginituen. Eta nola ez, guk ere gure kantaldiak ukan ginituen Guk taldea, Txomin Artola, Lertxundi etabar… Apez etxean kokaturik gure lehen xokoa, Antton Etxegorri apezaren babespean, hortik hasi ginen HAZIA ereiten Urruñako plazara, Urruñako auzoetara. Lehen urratsak ez ziren errexak izan, bainan gure kemenak aintzina eraman gituen.

 

Ze bidea egin duguna geroztik, Urruñan Ikastola eraiki, gaur egun ehun haur baino gehiago euskaraz bizi herri eskolan. Mutxikoak herritarren gozamena pizten hilabetero, Olentzerok eta ihauteriek beren lekua hartu dute Urruñarren bizian. Hilzoriatik plazara eraman dugu belaunaldiz belaunaldi gure euskara eta euskal kultura, Urruñan. Zazpi sorginek ideki bidexkatik gaur bide eder bat ideki dugu. Ideki bakarrik, zeren oraindik bide luzea gelditzen baizauku euskara eta euskaltasuna salbatzeko. Lan eta izerdi andana beharko ditugu oraindik ezartzen dizkiguten oztopoak gainditzeko. Egun batez, herri euskaldun batean bizi garela erraiteko.

 

Esker beroenak HAZIA bizkar gainean hartu duten belaunaldi berriari. Zabal dezazuen Urruñako lau haizetara, elkarrekin erein duguna. Ereman ditzazuen hurrengo belaunaldiraino HAZIAren sustraiak. Urruñako gure HAZIA-k bere hogeitamabost urteak ospatuko dituelarik Ekainaren 15 eta 16an, hitzordu polita izanen dugu hastapenetik gaur arteraino egin dena ospatzeko, eta bihar egin behar litaikena komentatzeko, heldu diren gaztetxoekin, horiek dutelako hartuko laster lekukoa eta segituko bidea. Beraz, hitzordua emana zaigu ekainaren 15/16an, Urruñan, HAZIAren hogeitamabost urteak ospatzeko.

Partekatu artikulu hau

Lotutako berriak

Irakurri

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude