Frantzia aitzina!

Frantzia aitzina!

Hau irudia hau! Batzuk negarrez “Gaixo Frantzia!” oihukatuz eta denbora berean bertzeak pozik eta irriz ari ospakizunetan. Ezkontza denentzat legeak dibortzioa ekarri du. Aspaldian ez zen holakorik ikusi eta Pariseko karriketan barna bezala, Euskal Herrian ere aldekoen eta kontrakoen mobilizazio beroak bezain sutsuak egin dira. Berriz ere zenbait pundu galdu dituen eliza katolikoaren parte baten laguntza estimagarria izan dute aurkakoek. Baionako apezpikuak, eta bere ingurukoek, beren ildoa defenditu behar dute bistan dena baina ez ote dakite legeak bertze norbaitek egiten dituela? Bakoitzari berea. Estatua eta eliza ez dira gehiago bat. Diputatuek ez dute nehor tronpatu lege aldaketa hitz eman baizuten eta gero beren izenak hautesontzietatik atera baiziren iaz, eta ez Vatikanoko ez dakigun zoin bulegotik.

 

Zailtasunak zailtasun, berdintasuna lortu da azkenean eta gehiengoarentzat Frantzia aintzina ari da. Laster Ipar Euskal Herrian ere elgar maite duten sexu bereko bi lagun ezkondu ahal izanen dira eta haurrak adoptatu ahal izanen dituzte. Preseski, adopzioa da legearen aurkakoak gehien berotu dituenak. Dena den, aitzakia hunen gibelean gorde dira neurririk gabeko polemika eta herra hedatzeko. Bortizkeria ere bai, mehatxu eginez herri ordezkariei; eta kazetariei.

 

Duela zenbait urte Jacques Chirac-ek ez zuen adorerik izan debate batean buruz buru eztabaidatzeko Jean Marie LePen-ekin. Azken asteetan ahatik, UMPko kide ainitzek ez dute zalantzarik izan FNarekin bat egiteko eta eskuz esku ibiltzeko karriketan barna.

 

Denbora galarazi nahian, eskuina arrunt faltsuki aritu da defenditu ere ez dituen 5 000 emendakin aurkeztuz legebiltzarrean. Gainerat, badaki ezkerrak onartu duen lege berria ez lukela baliogabetuko podererat itzuliko delarik. Horren adibide garbiak dira 70 eta 80ko hamarkadetan onartu ziren abortoaren legea, heriotz zigorraren kentzea eta homosexualitatearen depenalizazioa. Kritikatu bai baina gero ondotik ez dituzte sekulan kendu, beraz zertaz ari dira? Nor tronpatu nahi dute? Eta nork uzten du bere burua tronpatua izatea? Zergatik ez dute onartzen homosexualak badirela alde guzietan, baita beren lerroetan UPN, PP, eta UMP alderdietan? Biziki ezagunak gainerat eta batzuk sexu bera duen norbaitekin ezkonduak.

 

Eztabaida beti ona eta aberasgarria da. Hortan ez da neholako dudarik. Halere, moldeak zaindu behar dira eta harrigarria bezain penagarria da “Marie-Chantal” eta “Jules Edouard” bezalako hainbertze kontserbadorek Frigide Barjot izatea bozeramaile. Berriki arte, ile horidunak bularrak edozeini erakusten zizkion eta “amodioa egidazu bi hatzamarrekin” kantatzen zuen lau haizetarat. Bainan haizea norabidez aldatu da. Lege berriaren kontrako jende zintzoek ez ote zuten hobeagorik beren mezua hedatzen laguntzeko?

 

Baliteke Ipar Euskal Herriko lehen gay ezkontza ondoko asteetan ospatzea Miarritzen. Toki ezin hobea da 12 urte baitira bertan egiten dela urteroko Gay-Pride Homosexualen harrotasunaren eguna. Uste ez direnak ere hantxe biltzen dira urte guziz. Ahatik ez da oraino argi herriko etxeak baimen guziak emanen dituen, ez eta zoin hautetsik ospatuko luken gay ezkontza hori. Ikusi beharko da ere bertze herrietan norbaitek ukatzen ote duen ezkontza denentzat aplikatzea. Zentro-eskuina intsumitua? Legeak ez ote dira betetzeko? Laster ageriko…

 Gaiaren ezagutza eskasak ez du eztabaida laguntzen. Aterabide errexa da alta: joan hegoaldean gay eta lesbiana giroak dituzten tabernetarat eta hantxe ikus daitezke maiz Ipar Euskal Herriko gazteak “gorderik” desberdin maitatzeagatik. Noiz arte beharko dute ilunpean egon erdi aroan bezala? Bertze alderat begiratzea errexegia da.

 

Familia eredua aldatzea ez zaie gustatzen hautetsi Jaun Andere agurgarri batzuei. Bainan zoin ereduz ari dira xuxen? Inguruan betidanik izan ditugu gizon ala emazte alargunak, aita edo ama familiakoak bakarrik direnak, aitak urrun lanean ari direnak aste osoan, amak etxetik kanpo lanean ari direnak egun osoan. Horiek ere ez ote dituzte beren haurrak maite eta ahal bezain ongi hazi eta hezi duintasun osoan? Horiek oro eta seme alabak bikotekide desberdinekin izan dituztenak iraindu dituzte eta ez dute oraino barkamenik galdetu. Errespetu faltaz eta egindako akatsaz ohartu ote dira bederen? Lege berriaren kontrakoen haurren erabilera ere negargarria izan da. Haurrak aita eta ama izateko eskubidea duela ezin uka. Maitasuna da gakoa bainan hori segurtatua ote da elgar aditzen ez duten milaka bikotekide heterosexualek osatzen dituzten “familia” gatazkatsuetan?

 

Debateak irudi ainitz ekarri du. Aipagarrienen artean dago dudarik gabe Sylviane Alaux Lapurdi kostaldeko diputatu sozialistaren “coming out-a” ama gisa. “Badakit zertaz ari garen. Gure semea maite duen gizonarekin bizi da!” adierazi zuen goraki, harrotasun, maitasun eta duitasun osoz Pariseko legebiltzarrean. Delirioa, exibizionismoa eta debatea pertsonalizatzea batzuen ustez. Dena den, hautetsiei ezin zaie galdetu alde batetik lurraldetik ahal bezain hurbil bizitzea eta gero funtsik gabeko kritika hain gogorrak botatzea. Legeak egiten dituztenek ez dute bakarrik hurbilekoak izan behar…lurraldearen eta jendartearen parte dira. Diputatuek herritarren ordezkari eta bozeramaile izan behar dute eta gai hortan bederen bere eginkizuna ongi bete du Alaux andereak. Zer aldaketa! Pentsa, bere tokian Michèle Alliot Marie eskuindarra zen lehen. Baina garaiak aldatu dira.

 

François Hollanden hogeita hamaikagarren proiektua, ezkontza denentzat eta haurrak adoptatzeko eskubidea bikote homosexualei ematea, egia bilakatu da ondorioz. Frantzia aitzina doa beraz. Argi da kritika, polemika, eraso eta oztopo guzien gainetik proeiktuak aitzinatzen ahal direla egiazko nahikeria delarik. Legegizon-emazteek, Sylviane Alaux ziburutarrak barne, ez dezatela ahantz orain Hollanden berrogoita hamaseigagarren proposamena, hau da hizkuntza gutxituen euroagiria berrestea. Frantzia salbuespen egoera duen ugartea da gai horretan eta horrek “lurralde” hizkuntzak heriotz zigorrera kondenatzen ditu. Euskararen suntsitzea eta desagertzea programatua baita, alderdi sozialistak bere hitza bete behar du. Gisa hortan ariko baita bakarrik berriz ere aitzina Frantzia.

Partekatu artikulu hau

Lotutako berriak

Irakurri

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude