Homofobiaren aurkako neurriak hartzea eskatuko zaie auzapezei

Homofobiaren aurkako neurriak hartzea eskatuko zaie auzapezei

Gutun bat bidaliko die Aukeratzeko Eskubidearen Aldeko Kolektiboak Ipar Euskal Herriko auzapezei, homofobiaren aurka engaiatzeko eskatuz. Gay eta lesbianei begira diren diskriminazioen eta erasoen aurkako mezua dakarten afixak emanez zein homofobiaren aurkako mozio bat bozkatuz, molde ezberdinez mezua zabaltzeko eskatzen die kolektiboak. Homofobiaren Aurkako Nazioarteko Egunaren kari antolatu ekintzetan parte hartzea galdetuko die ere.

Gay eta lesbianen ezkontzaren aurkakoak

Gay eta lesbianen ezkontzaren aurkakoak

 

Nahiz beren burua ez-homofobotzat jo, gay eta lesbianentzako ezkontza eskubidearen aurka kokatu ziren Ipar Euskal Herriko hamabi auzapez. Horiei ere bidaliko die gutuna: “Beren burua ez daukate homofobotzat, ikusiko dugu beraz zer eginen duten”. Hala ere, ezkontza errefusatuko dutenik ez du uste Beñat Gachen kolektiboko kideak: “Legea hor da, ezingo dute errefusatu; herriko kontseilari baten esku utziko dute ardura”. Baina beste zalantza bat du: herri txikietan gay eta lesbianak ausartuko ote dira ezkontzen? Hori galdera inportanta dela dio.

 

Maiatzaren 17an mobilizaturik

Kolektiboari doakionez, Baionako Autre Cinema aretoan gaualdi bat antolatuko dute maiatzaren 17rako. Bertaratzeko deia egin diete herritarrei: “Egun horretan herritar orok salatu beharra du mila aurpegikoa den homofobia”. Azken hilabeteetan areagotu homofobiaz oso kezkaturik da kolektiboa: “Homofobia bortitz eta konplexurik gabekoaren adierazpena ahalbidetu dute erlijio-hierarkiek eta muturreko alderdi politiko kontserbadoreek bultzatu manifestazioek”. Legea pasa izana ospatu zuten dozenaka lagunek asteazkenean Baionako herriko etxe aitzinean

Partekatu artikulu hau

Egin ekarpen bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude