“Aljeriako gerla barneko gerla baino arinago zitzaidan”

“Aljeriako gerla barneko gerla baino arinago zitzaidan”

Bizikletaz etorri da elkarrizketara Hiriburutik. Sortzez heletarra da, eta 75 urtetan, gaitzeko sasoia du. Hark dio ez dela behin ere hain ongi sentitu. Gorputzaren ondoan, lan intelektualak ere ez ditu eskas. Filosofiako irakasle lanetan aritu da luzaz, Orthezen (Okzitania). Eta, gaurko egunean, Gazteluma bekako epaile, Euskaltzaindiaren Erlea aldizkarian artikulu idazle eta Euskaltzaleen Biltzarreko buru. Eta baditu ere liburu idatziak.

Donejakue bidea lau aldiz egina duzu; zer ekartzen dizu horrek?

Oinez lau aldiz, eta bizikletaz hiru aldiz, hamabortz urtez. Mila arrazoiengatik... ibiltzeko plazera, historia, poesia, natura, bakardadea... Sortetxea Kamino deitzen da. Aita zenaren izen ttipia Jakobe zen. Eta amak izarrak erakusten zizkidan Esne Bidean: "Hori duk. Hori segi ezak, eta han haiz". Beharbada, orduan sortu zen ene ametsa. Ez da sekula bide bera. Ni aldatu bainaiz. Hori anitzek ez dute ulertzen, ez baitakite denbora zer den. Denbora bizia da; aldaketa da, edo permanentzia, biak.

Bide hori ez duzu erlijio arrazoiengatik egiten?

Zenbat mila jende pasatu da bide honetatik itxaropen batekin, edo barkamendua galdegiteko. Horren errespetuz egiten dut bide hori. Orain, erlijiozko arrazoi hori ez da baitezpadakoa, baina besteen erdian dago. Bide horiek ez dira ahanzten. Apezgai izana naiz 22 urte arte. Pentsa! Markatuak izan gara gu.

Baina eritzeraino dudak izan zenituen, eta apezgoa utzi zenuen...

Aljeriako gerlara joatean, jadanik banituen dudak. Gauzak erraiteko diren bezala, hara joan aitzin, amoros nintzen. Normala nintzen. Nahi nuen maitatu, eta aita izan. Eta apezgai segituz ez zen posible izanen. Behar zen hautu bat egin. Eta ez zait egundaino damutu. Kontent naiz eskapaturik.

Aljeriako gerlak alde horretatik nonbait libratu zaituela errana izan duzu; hori azaltzen ahal duzu?

Aljeriako gerla, bere bortitzean... Arratsetan kanpamentura jin, eta entzuten genituen torturatuak zirenen garrasiak. Ezin lo eginez.

Oihu horiek entzuten dituzu beti? Amets gaiztoetan edo?

Ez, sekula. Gauza horiek idatzi ditut, eta horrek sendatu nau, ene ustez. Terapia bat izan da ere. Amets gaiztoak eskolan ditut. Ez dudala kurtsoa prestatua, ez ditudala kopiak zuzenduak, edo ez dudala aski larderia...

75 urtetan oraino hainbeste sendi duzu irakasle garaia?

Baietz. Eta, gero, frankotan iratzartzen naiz, eta, orduan, irriz karkailaka hasten: "Baina ez duk egia!"... Franko aise jasan dut Aljeriako gerla, barneko gerla baino arinagoa baitzen. Nik ez dut egundaino adiskidantza hain goxoa bizi izan, baizik Aljerian. Urte batez egonak gara oihal etxe azpian, mendian. Beti kurri. Denak sufrikario beretan ginen. Sotanaz bizi nintzelarik, separatua nintzen. Soldado arropan, besteekin nintzen, munduan nintzen. Mundu bortitzean, baina adiskideekin. Ibiltzeko plazera ere han bildua dut.

Gerla garai hartan, hil zenuen?

Egun batez, arma erabil izan aitzin, bi hilak izan ziren ene aitzinean. Baina behar bazen, tiratuko nuen.

Memento batean, zeure burua zenuen nahi hil zezaten.

Gau batez, gauerdi zela, dudak nituen apezgoaz. Mundua lehertu zitzaidan, haur denboratik ez nuen besterik gogoan. Zelatatzen ari nintzen, eta fellagha bat jin zedin desiratu nuen, garbi nindezan. Ez nuen uste kuraia ukanen nuenik seminarioa uzteko. Baina ukan dut; behar baitzen, eritu bainintzen. Anitz izan dira ez direnak menturatu eta, gero, damutu direnak, sufritu dutenak. Badakizkit istorio batzuk hemen kontatuko ez ditudanak. Saihestu zitezkeen dramak.

Euskal Herritik kanpo bizirik ere, segitu duzu lotura; idazten hasi zarelarik, beti euskaraz, lehenik.

Horrela gertatu da. Egun batez, adiskide batek erranik: "Zergatik euskaraz idazten duen? Gauza zailak idazten dituelako eta ez duelako nahi jende guztiak jakin ditzaten". Hori ere bada.

Apezgai garai horri buruzko Biziaren bazterrean (Maiatz) frantsesera itzuli duzu duela urte bat.

Ene semeak euskaraz badaki, baina alabak ez. Dibortziatua izan nintzen, eta joan ziren urrun. Frantsesez idatzi dut nahi nuelako gisa batez aitaren bizia ezagut zezaten. Liburu hori liburu bortitza baita, handitzera utzi ditut. Ez ditugu gure aitamak ezagutzen. Oroit naiz aita zena joan zelarik. Hila zen, hantxe, etzanik, eta nik: "Aita, zertako ez didazu erran nor zinen?". Euskal Herrian bere bizi intimoaz gauza guti erraten zen.

Eraman lan guztien artean, azken 9 urte hauetan Euskaltzaleen Biltzarra duzu, buru gisa; orain utziko duzu, azaroan duzue biltzarra; zergatik inportanta da elkarte hori?

Elkarteak 110 urte ditu. Mixel Itzainak erraten duena, elkarte guzien amatxi da. Honenbeste elkarte sortu da geroztik. Gure lekua non da? Zer behar dugu egin? Balio du? Gisa batez, eginez ematen dugu arrapostu hori. Testu batzuk inprimatu ditugu, eta sorterrian aurkeztu. Etienne Salaberriz eta Janamari Malharinez Beñat Soulek egin 10 urteko lana (Neurtizlari, Bertsulari, Iparraldez), Jean Etxepare jatsukoaren Iturraldea, 50 urte berantago inprimatua, lo zegoen idatzia. Leizarragaz, Pierre Narbaitz... Zergatik segitu? Guk egin lan hori nehork ez zuen eginen. Lehenago lan egin zutenak ohoratu haien lana segituz? Beharbada hori da ere.

Literatura inportanta zaizu.

Bai. Badira gauza batzuk inportantak. Laborantza Ganbera, unibertsitatea, ekonomia... Baina literatura behar dugu, idazleak behar ditugu. Eta, beraz, horretako Gazteluma ere biziki inportanta da. Eman dezagun, zaharkeria bat hementxe, Euskaltzaleen Biltzarrarena, eta hortxe, Gazteluma, gazteentzat dena. Eta bidean artean, zubi bat.

Partekatu artikulu hau